XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiruzpalau mila urte bazituzkeen agian, gehiago ere bai beharbada.

Garaitasunean zenbat zuen, baldarrean bazuen beste horrenbeste.

Esaera zen kilometro bete bazela garai, baina sei kilometro bai baldar.

Baliteke gezurra izatea hori, esaten den guztia ez da sinestekoa izaten eta.

Gauza da adin horretarako gizon mardula zegoela oraindik.

Izozturik zegoen, eta horregatik ederki agoantatzen zuen hotza; eguraldiak epeltzen zuenean, orduantxe ibili ohi zen beldur samar, urtuko ez ote zen.

Gehienean, ordea, bere izebergean lotan egon ohi zen; ehun urtez behin iratzarri eta munduari begiratu bat egin ohi zion.

Horrenbesteko loarekin harritzeko gauza ez da bizitza era horretan luzatzea, eta esperantza bazuen, hala ere, beste mila urte onak iraun behar zuela oraindik.

Rimtusseek ipotx bihurri adimen zorrotzeko batzuk zituzten morroi; xaldun beltzak deitzen ziren.

Abilezia handiak zituzten xaldun horiek: gauza ziren mendiak zehar ikusteko ere, eta edozer gauza zekiten egoki egiten, eguzkiaren argia ezik.

Antzinako garai horietan hain ugari ziren ipotx horiek, ezen aski bait zen edozein basotan bati deitu, eta berehalaxe azalduko ziren bi edo hiru.